
BIDEOA : Euskal mitologia eta euskaldunen sustraiak aipatuko ditugu hemen.
Honeraino lagundu zaituztet, nire egoitza, edo hobeki erran gure egoitza aurkezteko. Asko gara hemen bizi, arroka edo ur ispilu hauen gibelean... gurea, zuen munduaren alderantzizkoa da.
Begiratzen zaituztegu, baina ezin gaituzue itxuratu, ametsek moldatuak garelako. Euskaldunaren irudimenetik sortuak. Euskal mitologiak biltzen gaitu. Belaunaldiz belaunaldi, kontatzen dizkizueten ipuinek, maiz lurraren sabel barnean kokatzen gaituzte.
Gure artean ezagunena duzue "MARI", "ANDEREA", "DAMA" baina ere « HERENSUGEA » suge-dragoi handia edota « LAMINAK », ahate oinak dituzten iturrietako jeinu ttikiagoak, eta beste hainbat izaki...
Zuen ustez bizi gara ala ... ez gara bizi ? Euskal Herrian, ez ote duzue erraten « Izena duen guztia omen badela » ?
Herri honetan, zoko guzietan, hautematen da gure presentzia misteriotsua... Laister berriz ikusiko duzuen kanpoko mundua, ez da bakarrik bizi gune bat.
Euskal herritarrak, arbasoek lur azalean utzi dizkioten aztarnak eta orbainak irakur ditzake.
Honela etxeek, eguneroko jestuek, erritoek eta gehien bat hizkuntzak, ontasun misteriotsu eta koherentea osatzen dute ; Bizitzeko era berezi honekin eta harmonia honetan, aurkitzen da populu honen arima.
Hizkuntzalari gehienak bat datoz Europako hizkuntzak, euskara ez ezik, indo-europar jatorrikoak direla errateko. Euskara, gure kontinenteko zaharrena daiteke.
Hitzen musika, aditzen jokaera eta esaldien egitura erabat bereziak ditu. Adibidez, atzoko eta gaurko tresna zorrotzen izenak: aizkora, aitzurra, aihotza, aiztoa, aixturrak, duela bederen 8000 urtez entzunak izan dira hemen bertan.
« Aitz » erro berdina atzematen dugu hitz guzi horietan. Mintzatzeko molde honek neolitikora eramaten gaitu, garai hartan, harriak egundainoko garrantzia zaukalako.
Honek oroitarazten dizue euskara harri landuaren garaian moldatua izan dela segur-aski.
Alta, gaur egun oraindik, Euskara bizirik da eta aurrera doa.
Itzaletik eguzki argira iraganen zarete, leize misteriotsutik zuen eguneroko bazterretara.
Kontrastea agerikoa besterik ez da.
Etxe tradizionalak begiratuko dituzue, euskal herritarrari bere funtsezko nortasuna adierazten diote.
Euskaldunari, etxeak adierazten dio ere lurrarekin eta herri-kideekin daukan lotura estua.
Inguruko mendiak begiratuko dituzue. Seinale guziek erakusten dizuete norbait bertan bizi dela, arima bat daukatela.
Gaur egun, sekula baino gehiago, beharrezkoa zaizue: bai izadi, bai lurralde hauskor hau babestea. Lezea harpea, Natura 2000 egitasmoan sartua da bere bio-aniztasuna zaintzeko.
Zuek ere historia bat, sustraiak badauzkazue. Zuen baitako erraietan bila itzazue zuen biziak dakartzan balioak.